XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Katalana eta euskara desagertu egingo dira datorren mendean

Carme Juyent irakaslearen ustetan, hizkuntzen %90 galduko dira

EFE. IRUÑEA

Hizkuntza gutxituetan aditu eta Bartzelonako Unibertsitateko irakasle den Carme Juyent-ek atzokoan esan zuenez, orain daukaten joera aldatzen ez bada, katalana eta euskara desagertu egingo dira datorren mendean.

Juyent parte hartzen ari da egunotan Iruñean egiten ari den Europako Hizkuntza eta Legediei buruzko III. Nazioarteko Simposiumean.

Irakasle katalan honen ustetan, une-historiko benetan zaila bizitzen ari gara hizkuntzen iraupenei dagokienez.

Egiten ari diren aurrikuspenen arabera jarraitu zuen bere mintzaldian Juyentek gaur egungo hizkuntzen %90 desagertuko dira XXI. mendean, eta horien artean sartuko nituzke nik katalana eta euskara.

Esan zuenez, era askotako presioen ondorio dira hizkuntzen desagerpenak eta, zenbait tokitan hizkuntzari uko egiten diote batzuek, komunitateren bateko kide gisa hartuak ez izateko eta, hartara, zapalkuntzarik ez jasateko.

Juyentek gaineratu zuenez, ofizial egiteak ez du hizkuntzaren biziraupenik bermatzen, eta teoria horren adibide gisa irlanderaren adibidea ipini zuen.

Bere ustetan, XXI. mendean iraungo duten hizkuntza horiek beharrezko direlako iraungo dute, hiztunek hala nahi dutelako eta presiorik ez dutelako.

Salaketa Frantziari

Iruñean egiten ari den Nazioarteko III. Sinposium honetan, bestalde, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta Hizkuntza Errejional eta Gutxituen Europar Gutuna konparatu ziren.

Yann Chouqc bretoi legelariak azaldu zuenez, lehenengo horrek aitortu egiten du gizaki guztiek beren hizkuntza propioa izateko duen eskubidea, eta besteak mesede edo pribilejioren bat dakar berekin.

Salaketarik ere egin zuen legelari bretoi honek.

Europako gaur egungo berrogei nazioetatik, lauk bakarrik onartu dute eta beren legedian txertatu Hizkuntza Errejional eta Gutxituen Europar Gutuna, Chouqc-ek kritikatu zuenez.

Kritikarik zorrotzena, dena den, Frantziako Estatuari egin zion, maltzurkeriaz jokatu duelako Gutunaren aurrean.

Jakina denez, Frantziako Gobernuak aldatu egin zuen bere Konstituzioko atal bat jakitean zer nolako edukia zeukan Gutunak, eta gero aditzera eman zuen ezin zuela dokumentu hori ontzat hartu Konstituzioarekin bat ez zetorrelako.

Kanadako Normand Labrie irakaslea, berriz, Europar Batasuneko hizkuntzez mintzatu zen.

Bere iritziz, multilinguismoa, eta ez plurilinguismoa, bultzatzen ari da erakunde hau.

Hots, bi edo hiru hizkuntza ezagutzeko komenientzia aldarrikatzen ari da Europar Batasuna, eta ez nork bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea.

Aditu kanadar honen ustetan, Europar Batasunaren gaur egungo hizkuntz politika hau Estatuen hizkuntz politiken jarraipena da.

Bestalde, emigranteen hizkuntz eskubideez ere jardun ziren simposium honetan.